Azpilicuetatik Azpilikuetara

Euskaltzaindiaren ziurtagiria, non erraten baita ‘Azpilicueta’ euskal grafiarekin idatzita ‘Azpilikueta’ dela.

Batek daki, memoriak halakoetan huts egiten baitu, baina erranen nuke nik beti idatzi izan dudala Azpilikueta, K-rekin. Espainiako nortasun agirian, baina, Azpilicueta jarri zidaten ‒aitak abizena ekarritako moduan‒ eta, horregatik, agiri ofizial guztietan halaxe agertzen zitzaidan idatzirik. Harik eta 1996an aldatu nuen arte.

Garai hartan, sekulako odisea izaten zen deituraren grafia aldatzea, hainbat gauza eskatzen baitzituzten hori egin ahal izateko:

  • Abizenaren euskarazko grafia nolakoa zen zehazten zuen Euskaltzaindiaren agiria. Nirea Jose Maria Satrustegik berak sinatu zuen, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria baitzen orduan.
  • Eskatzailearen jaiotze agiria.
  • Eskatzailearen gurasoen jaiotze agiria.
  • Eskatzailearen gurasoen ezkontza agiria.
  • Eskatzailearen aitatxiren jaiotze agiria.
  • Hiru dokumentu zeinetan eskatzailearen abizena euskal grafiaz idatzirik agertzen baitzen. Hiru hauek lortzea ez zen gauza erraza. Izan ere, nortasun agiria erdal grafiarekin izanik, zailtasun handiak paratzen zituzten edozein agiri euskal grafiarekin idazteko.
  • Nortasun agiriaren fotokopia.

Bistan denez, agiri horiek guztiak eskatzeak grafia aldaketa oztopatzea zuen helburu. Hainbertze traba ikusita, jendea ez baitzen grafia aldatzeko eskatzera animatzen. Zorionez, aurrerago grafia aldaketa egiteko eskakizunak gutxitu zituzten, eta orain anitzez tramite errazagoa da.

“Beti idatzi izan da horrela”

Euskal abizen bat euskararen grafiarekin idaztea munduko gauzarik logikoena iruditzen zait niri. Mendetan, sudur puntan jartzen zitzaien moduan idatzi izan dituzte leku-izenak eta abizenak hango eta hemengo idazkariek. Edo abizena zutenek ahal izan duten moduan idatzi izan dituzte. Eta hala leku izenak eta abizenak aldatzen joan dira zenbait belaunalditako jauzietan, eta, gainera, gaztelaniaren eta frantsesaren grafiak erabiltzeak are gehiago ezkutatu du euskal hitzen jatorria eta esanahia.

Euskaltzaindia 1968an hasi zen euskararen grafia eta ortografia finkatzen, eta hurrengo hamarkadetan ezarri zuen zein den euskal leku-izenetako eta abizenetako bakoitza euskal grafiaz idazteko modua. Eta kostatu izan bada ere, Espainiak onartua du grafia hori ‒Frantziak, tamalez, ez guztiz‒. Eta, erran dugu, orain garai batean baino errazagoa da abizenaren grafia aldatzea.

Aitzitik, tradizioak indar handia du eta Nafarroa Garaian, bederen, oso jende gutxik egiten du urrats hori1. Utzikeriagatik, nagiagatik edo… “Beti idatzi izan da horrela”, erran ohi dute grafia aldatu nahi ez dutenek. Eta, bueno, esaldi hori egia izanen da, nik zer dakit, zure aitzineko 10-12 belaunaldiei dagokienez; baina litekeena da zure abizena Historia idatziaren uneren batean zertxobait (edo nahikotxo) aldatu izana.

Harrizko itxitura txikien tokia

Azpilkueta izeneko toki bakarra dago Euskal Herrian ‒eta munduan‒. Hortaz, argi dago Azpilikueta abizena Baztango herri horretan duela jatorria. Azpilicueta baino lehenago izan zen Azpilcueta, portzierto.

Mikel Belasko filologoak Apellidos Navarros liburuan azaldu zuenez2, litekeena da Azpilkueta izenaren osagaiak hauek izatea: aizpil (hespila, harrizko itxitura) + ko (atzizki txikigarria) + eta (tokia adierazteko atzizkia). Hau da, “harrizko itxitura txikien tokia”. Eta, gainera, Nafarroako Herri Izendegian bildutako aldaerak3 zerrendatu zituen: Aytzpilcoeta, Aizpilcueta, Arizpilcueta, Ayizpilcoeta, Azpilcueta eta Azpilqueta.

Eta, noski, leku izenaren dantzatik, abizenaren nahas-mahasera. Konparazio batera, Frantzisko Xabierkoaren amak 1517ko ordainagiri batean “maria de azpilcueta” idatzi zuen hasieran eta “marya dezplycueta” sinatu zuen bukaeran4. Eta 1773an Pedro Geronimo Azpilicuetak Zurukuaingo bere etxean “Azpilqueta” idatzita zuen armarri bat paratu zuen, eta horregatik jarri zioten salaketa, armarri hori erabiltzeko eskubiderik ez zuelakoan. Baina auziari buruzko garai hartako dokumentuan “Azpilicueta” agertzen da.


1 Espainiako Estatistika Erakundearen bilatzailearen arabera, egun 1.073 lagunek dute “Azpilicueta” lehen edo bigarren deitura (gehienak Nafarroan), 68 lagunek “Azpilcueta” (Galizian), eta 63 pertsonak baino ez “Azpilikueta”.
2 BELASKO, Mikel (1999). Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra [y] apellidos navarros (2. edizioa). Pamiela. 116-117 orrialdeak.
3 JIMENO JURIO, José María (1990). Nafarroako herri izendegia. Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia. 53. orrialdea.
4 ESCALADA, Francisco (1931). Documentos históricos del Castillo de Javier y sus mayorazgos. 224-225 orrialdeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude