Maria tristearen tristura

Xabierko gazteluaren ikuspegi orokorra eta Maria Azpilkuetakoaren sinadura. © asier azpilikueta (argazkiarena)

Historiaren luzean, Maria Azpilkueta batzuk-batzuk izan dira; azpilikuetatarra bazara, izanen duzu baten bat nahiko hurbil. Baina guztien artean ezagunena da, alde handiz, Maria Azpilkueta Aznarez de Sada izen-abizenetakoa, Xabierko gazteluan 1464an jaio zena1. Eta batez ere da ezaguna, zoritxarrez, bere inguruko gizonek egin zutenagatik.

Sona handiko legelari batekin ezkondu zen Maria, Joanes Jatsukoarekin hain zuzen ere. Jatsu Nafarroako Errege Kontseiluko burua zen gaztelarrek erresuma inbaditu zutelarik, eta erbestera joan behar izan zuen. Mariaren bi seme nagusiak, Azpilkueta kapitaina eta Miguel Xabierkoa, Nafarroaren independentziaren alde borrokatu ziren, eta errepresioa pairatu zuten horregatik: preso egon ziren, eta Azpilkuetako jauregia guztiz suntsitu eta Xabierko gaztelua nahikotxo eraitsi zizkieten.

Konkistaren ondorioak direla-eta, Mariak bere familiaren eskubideak lehengoratzearen alde borrokatu behar izan zuen eta, bere ahaleginari esker, hein batean lortu zuen. Mariak, garai hartan, “Maria Azpilkuetako tristea” gisa sinatu zuen agiriren bat edo bertze (1517ko ordainagiri bat, adibidez). Eta ez dira gutxi izan sinadura hori familiaren egoera politiko tristearekin lotu izan dutenak. Baina ez omen da hala. Erran nahi baita, diotenez, garai hartan “triste” esamoldea erabiltzen zutela “alarguntza” adierazteko konbentzio gisa2. Zalantzarik gabe, une tristeak iragan zituen Maria Azpilkuetakoak, baina bere burua halako moduan definitzea ez zen adierazpen politiko bat, ezta bere aldartearen deskribapen bat ere.

Maria Azpilkuetakoaz gehiago jakin nahi izanez gero, HEMEN duzue artikulu polit bat.


1 1529an hil omen zen, toki berean.
2 ESCALADA, Francisco (1931). Documentos históricos del Castillo de Javier y sus mayorazgos. 224-225 orrialdeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude