
Epifanio Azpilicueta Garcia (1918-1988) eta Ramos Sola Martin (1918-2014), gutxienez, 1941. urtearen hasieratik zebiltzan elkarrekin. Argazki hau 1943ko sanferminetan egin zieten, Iruñean, dotore-dotore jantzita zeudela. Ezkonberritan izanen ziren, edo ezkontzear, lehenbiziko semea urtebete geroago jaio baitzitzaien.
Argazkia 1943ko sanferminetakoa dela badakigu atzean horixe idatzi zuelako norbaitek arkatzez. Atzeko alde horretan argazkia errebelatu zuen Iruñeko dendaren zigilua ere estanpatu zuten: “Foto Jordán”. Zigiluaren erdian dendaren kokalekua izan daitekeena agertzen da: “Barrio Milagrosa / Villa Marichu”.
Data: 1943ko sanferminak.
Lekua: Iruñea. Badirudi argazkia Sarasate pasalekuan egina dela. Epiren atzean Foruen Monumentuaren zati bat agertzen da eta Ramosen atzean, Diputazioaren eraikina. Baina bien artean estatua bat ageri da, egun halako estatuarik ez dagoen toki batean. Dena dela, kontuan izan behar da Sarasate pasealekuko estatuak behin eta berriz aldatu dituztela tokiz. Artikulu honetan azaltzen dituzte estatua horien nondik norakoak.
Egilea: Ezezaguna.
Jabetza: Azpilicueta Sola familia.
