Azpilikuetatarrak ‘Nafarren Ohorezko Liburua’-n

‘Nafarren Ohorezko Liburua’-ren azala eta, gainean, orrialde baten adibide bat, bertan agertzen diren azpilikuetatarrak nabarmenduta. © asier azpilikueta (fotomuntatzearena)

1893. urteko maiatzean Espainiako Ogasun ministroa, Gamazo abizeneko hura, saiatu zen Nafarroari gelditzen zitzaion hondarreko foru erregimena kentzen. Urtebetez protesta itzelak izan ziren, eta horiei guztiei Gamazada izena eman zitzaien. Askotariko protesta ekintzak izan ziren. Baina horien guztien artean bat nahi nuke nabarmendu, sinadura bilketa masiboarena hain zuzen.

1894ko ekainean Nafarren Ohorezko Liburua izenekoa igorri zioten Maria Kristina Espainiako erregeordeari, Gamazoren asmoa bertan behera utz zezan eskatuz. Liburu hark Nafarroa osoko 120.000 herritar ingururen izenak biltzen ditu. Ez dira haien sinadurak agertzen, izena eta lehen abizena baizik. Baina pentsatzekoa da 120.000 horiek baimena eman zutela liburuan agertzeko eta, beraz, haien izenean ekimena babesteko. Kontuan hartzekoa da garai hartan Nafarroa Garaiak 300.000 biztanle inguru zituela. Hortaz, sinadura bilketa hura egiteko lana alimalekoa izan zen.

Liburua udalerrika antolaturik dago eta udalerri bakoitzaren orrialdeetan toki horretako sinatzaileen izenak ageri dira, hiru zutabetan banatuak, ordena jakinik gabe. Herritar bakoitzaren izena eta lehen abizena agertzen dira, eta pena da bigarrena ez agertzea, gure arbasoak topatzea anitzez errazagoa eginen bailitzaiguke hala izan balitz.

Egon da izen segida hori alfabetikoki ordenatu izan duenik, udalerrika eta zerrenda osoa kontuan harturik. Eta horri esker badakigu Nafarren Ohorezko Liburua-n 88 azpilikuetatar daudela, 18 udalerritakoak, eta horietako gehienak Deierrikoak direla (%35). Kontuan hartuta 88 azpilikuetatar horiek oso udalerri gutxikoak direla, pentsatzekoa da sinadura bilketa ez zela oso sistematikoa izan (eta, hala ere, ikaragarrizko arrakasta izan zuen).

Nahi izanez gero, HEMEN kontsulta daiteke liburua, PDF formatuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude