
Azpilikuetatar askok gordeak dituzte Executorial de hidalguía de los Azpilicuetas izenburuko dokumentuaren kopiak, edo fotokopiak, edo fotokopien fotokopiak. Agiri horrek 1773an gertaturiko epaiketa baten berri ematen du. Orduko hartan, Pedro Geronimo de Azpilicueta izeneko batek azpilikuetatarren armarria paratu zuen Zurukuaingo bere etxearen aitzinaldean. Eta salaketa jarri zioten horregatik, horretarako eskubidea ez zuelakoan. Aitzitik, epaiketan Pedro Geronimok frogatu zuen baietz, eskubidea bazegokiola, Baztango azpilkuetatarren ondorengoa baitzen. Dokumentu horri esker osatu ahal izan da azpilikuetatarren zuhaitz genealogikoaren zati handi samar bat.
Epaiketa haren oihartzunak jasotzearren, 2021eko irailaren 19an, txangoa egin genuen Deierriko Zurukuain herrira. Azpilikuetatarren etxeko armarriari argazkia egin nahi genion. Hori baino ez.
Erraz aurkitu genuen etxea, Zurukuain ez baita herri handia. Zelaia kaleko 28. zenbakian dago. Etxe ederra da, baina sasoi hartan bazirudien abandonaturik zutela. Ate nagusiko sarrailaren zulotik begiratuta, eraikuntza material asko ikusten zen barneko patioan, erabiltzeko prest. Beharbada laster zaharberrituko zuten.

Etxe horretatik gertu bizi zen bizilagun batek kontatu zigun zuela ez asko arte bi azpilikuetatar bizi izan zirela hor. Bi mutilzar, “diru asko izan arren”, nahiko modu umilean bizi omen zirenak. Oinordeko zuzenik ez zutenez, Iruñeko zeharkako ondorengo batzuei erori zitzaien etxearen jabetza. Bizilagunak kontatzen zuen herrian nahi zutela zorte hori herriari berari egokitzea. Noski, nola ez.
Armarriaren goiko aldean, kaskoaren bi aldeak hartuta, inskripzio hau ageri da: ARMA DE AZPILQUETA. Armarri hori egin zuteneko data beheko aldean dago: AÑO 1773.
Aurelio Erdozain Gazteluren 1995eko Linajes en Navarra con escudos de armas liburuan, 381. orrialdean, Zurukuaingo armarri horren argazki bat agertzen da eta argazkiko oinean adierazia dago etxea errepidean zegoela. Bada, ez. Orain beeren, armarria duen etxea herri barnean dago, pilotalekutik eta elizatik nahiko gertu.
uhu uhu uuu