Marizulete eta zakur amorratua

Lezaungo Marizulete leizera sartzeko leihotxoa. © koldo argandoña

Pedro Sanz de Azpilcueta izeneko bat 1470. urtearen inguruan Azpilkuetatik Lezaunera bizitzera joan zenetik, ehunka izan dira (milaka?) herri horretan bizi izan diren Azpilikueta abizenekoak. Duela urte batzuk, Francisco Argandoña Lezaungo kronikariak bere herriko makina bat istorio bildu zituen Lezáun, pie de Sierra de Andía liburu bikoitzean. Eta beraz, ezinbertzean, Argandoñaren liburuan hainbat pasartetan agertzen dira azpilikuetatarrak, Marizulete leizea eta zakur amorratu bat protagonista dituena bezalakoan.

Mikel Belasko filologoari kasu egin behar badiogu1 ‒eta beti egin behar zaio‒, ‘Lezaun” toponimoak zera erran nahi du: Leizearen tokia. ‘Leza’ hitza (leize) eta ‘-un’ atzizkia (-gune) elkartzetik sortua. Lezaunen bada leize bat, Marizulete izenekoa. Horixe izanen da herriari izena ematen diona, eta ondoko istorioari agertokia paratzen diona.

1949ko Urteberri eguna zen, eta Francisco Argandoñaren kintako gazteak elkarrekin ari ziren merendatzen. Halako batean, herriko alkatea, aguazila, albaitaria eta Vidal Azpilicueta agertu ziren, guztiek ere kezka aurpegia zutela. Albaitariak eman zituen eman beharreko azalpenak:

‒ Atzo, Vidal jauna altxatu zelarik, korralera jaitsi eta iruditu zitzaion zakurra amorraturik zegoela. Akabatu zuen, espartzuarekin lotu eta leizera bota zuen. Baina gauza da gertaturikoa aipatu duela gaur etxean eta bere alabei galdetu diela ea zakurrak baten bati hozka egin ote dion. Eta Vicenta alaba nagusiak erantzun dio aurreko egunean behatz batean egin ziola hozka. Niregana ekarri du eta ikaratu naiz, zauriak oso itxura txarra baitzuen. Neska honen bizia zuen esku dago.

Gazteetako batek leizera jaitsi behar zuen, zakurra hartu eta albaitariari eman, horrek azter zezan. Hala, zakurra amorraturik zegoela baieztatuz gero, neskari tratamendua berehala  jarriko zioten. Francisco Argandoña eta Gabriel Nuñez agertu ziren balentria hori egiteko boluntario, eskalatzen ibiliak baitziren. Hurrengo egunean egin zuten, gaztetan leizearen erdiraino jaitsi zen lezaundar zahar batengandik ahalik eta informazio gehien eskuratu eta gero.

Meza eta gero, herritar anitzek etxeko sokarik onenak atera zituzten, bi gazteek egokien zetozkienak aukeratu zituzten, eta denak elkarrekin joan ziren leizearen ingurura. Francisco Argandoñak bere liburuan zehatz-mehatz kontatzen du jaitsiera2, eta merezi du bere orrialdeetara biltzea, hemen egin dugun laburpen eskasean baino hagitzez hobeki, eta intriga handiagoarekin, esplikatzen baitu eginiko lana. Baina luzamendu gehiagotan ibili gabe, erran dezagun dokumentaturik dagoen lehenbiziko jaitsiera egin zutela, zakurra leizetik ateratzea lortu zutela, burua moztu ziotela eta auto batean Iruñera bidali zutela, Vicenta gaztearekin batera. Egunean berean egin zioten azterketa eta, amorrua zuela baieztatu zutenez, Vicentari tratamendua jarri zioten. Neska hilabete geroago itzuli zen Lezaunera, guztiz sendaturik eta, bi gazteekin zinez eskertua zegoenez, bakoitzari 50 pezeta eman zizkion.

PD 1: Kontakizun hau irakurri dudan bakoitzean zalantza sortu zait: ikusita Vicentaren behatzeko zauria gaizki zegoela, zergatik ez zioten tratamendua zuzenean jarri, zakurraren gorpua erreskatatzen ibili behar izan gabe?

PD 2: Pasarte hau irakurri eta gutxira (egun bat geroago, edo bi), izeba Terek album bat eman zidan, familiako eskelak biltzeko erabiltzen zuena, eta hortxe aurkitu nuen Vicenta Azpilicueta Beperetena, 2005ean 73 urterekin hila. Oso sentsazio arraroa izan nuen. Egun batean poztu nintzen neska gazte baten bizia salbatzeko sekulako balentria egin zutelako. Baina hurrengo egunerako neska hori hila zen, andre zaharra izanda, bere bizitza osoak egun bakarra iraun izan balu bezala eta, beraz, zakurraren erreskatea egiteak ezertarako balio izan ez balu bezala.

PD 3: 2014ko urtarrilean Otxola Espeleologia Taldeko zenbait kide Marizuleten sartu ziren. HEMEN kontatu zuten nola egin zuten eta zer ikusi zuten. Gainera, Francisco Argandoñak bere liburuan idatzitako pasartea jaso zuten. Eta bi urte geroago kontatu zuten jaitsiera hartan brontzezko lantza baten punta aurkitu zutela, erromatarrak baino lehenagokoa.


1 BELASKO, Mikel (1999). Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra [y] apellidos navarros (2. edizioa). Pamiela.
2 ARGANDOÑA, Francisco (2000). Lezáun, pie de Sierra de Andía II. Sendoa. 27-40 orrialdeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude