Epifanio Azpilicueta Garcia (1918-1988) errekete boluntarioa izan zen 1936ko altxamendu nazional-katoliko-faxistan, uztailaren 19tik. Alegia, litekeena da Gerra Zibila hasi baino lehen ibili izana gerrarako prestatzen. Estatu kolpea jo bezain laster Espainia erdialdera bidali zuten, karlisten Erregearen Tertzioarekin. Somosierra (Madril), Navafria (Segovia) eta Sigüenza (Guadalajara) hartzen lagundu zuen. 1937ko abuztuan Legioan sartu zen eta urte hartako urrian hanka batean zauritu zuten, Huescako frontean (Aragoi).
Argazkian bi soldadu errekete ageri dira, armarik gabe. Eskuinekoa da Epi; bertzea ez dakigu nor den. Badirudi egun horretan bero handia egiten zuela, bi soldaduek mahukak bilduta eta alkandorako botoi asko askatuta baitituzte. Biek daramatzate karlisten kapela (gorria, ziurrenik) eta oihalezko espartinak. Pentsatzekoa da argazkia 1936ko udan edo 1937ko udaberri-udan egina dela, Espainia erdialdeko mendiren batean.
Data: 1936ko uda edo 1937ko udaberri-uda.
Lekua: Espainia erdialdea.
Egilea: Ezezaguna.
Jabetza: Azpilicueta Sola familia.