Nicetaren alarguntza bikotza

Niceta Garciaren sinadura, Andres Azpilicueta Goñiren heriotzaren aktan, 1928an.

Zorte txarra izan zuen bizitzan Niceta Garcia El Busto lizarratarrak (1886-1940), Lezaungo bi semerekin ezkondu eta biak ala biak nahiko gazte hil baitzitzaizkion. Tira, jakina, zorte txarragoa izan zuten bi senar defuntuek, baina Nicetak gainditu behar izan zituen oztopoak ez ziren nolanahikoak izan.

1906an Pedro Azpilicueta Goñi lezaundarrarekin ezkondu zen Niceta, eta 1912an, Andres Azpilicueta Goñi lezaundarrarekin. Eta ez, nahiz eta biak Lezaungoak izan, eta lehen bi abizenak berdinak izan, ez ziren anaiak, ezta lehengusuak ere. Koldo Argandoña historialariak esplikatu duenez, bortz belaunaldi egin beharko genuke gibelera haien arteko azpilikuetatar komuna aurkitzeko: Pedro Jeronimo Azpilicueta Andueza (Lezaun, 1689).

1907ko abuztuaren 30ean hil zen Pedro Azpilicueta, lan istripuan, Benita alabak urtea bete gabe zuela. Niceta emaztearen anaiak Francisco Argandoña Lezaungo kronikariari kontatu zionez, egun hartan -hark zuzenean ikusi baitzuen- Pedro pago handi bati abar idor bat aizkorarekin mozteko lanetan zebilen. Abarra moztu zuen bai, baina hura erortzean lurrean zeuden bertze pago baten abar berde batzuen gainean egin zuen eta bueltan egin zuen bidaia, Pedro zegoen tokiraino, eta enborraren kontra zanpatu zuen, gizona oraindik zuhaitzera igota zegoela.

Niceta Garcia El Busto, 1936an, 50 urterekin.

Ezbairik gabe, Nicetarendako hagitz traumatikoa izanen zen bere senar gaztearen heriotza; are gehiago 11 hilabeteko haur bat izanda. Baina, zoritxarrez, zenbait urte geroago min hori errepikatuko eta biderkatuko zitzaion. Pedro senarra hil eta gero ez dakigu Niceta Lizarrara itzuli ote zen, edo Lezaunen jarraitu ote zuen, baina kontua da 1912ko ekainean Lezaungo batekin ezkondu zela Lizarran, Andres Azpilicueta Goñirekin.

Nicetaren aita kamineroa zen eta Andres 1912ko abuztuan hasi zen ogibide horretan lan egiten, ezkondu eta hilabete eta erdira. Aitaginarrebak entxufatuko zuen? Batek daki. Baina lanbide hori dela eta, Azpilicueta Garcia familia Betelun, Eritzen eta Lekunberrin bizi izan zen, aita 1928an hil arte.

Santiago eguna zen, asteazkena, eta bazkaldu eta gero Lekunberriko saltseroenek erabaki zuten Betelura joatea pilota partida bat ikustera. Ez ziren ailegatuko, ordea. Dozena bat gizon sartu ziren kamioneta batean. Andres Azpilicueta kabinaren goiko aldean eseri zen, Juan Bautista Sucunza uitziarrarekin. Kamionetak Azpirozko gaina gainditu zuen, baina jaisterakoan, garaiko egunkariek kontatu zutenez, balaztek huts egin zuten eta karakolaren bihurgunean kamionetak zuzen jarraitu zuen, petrila apurtu zuen eta zortzi metrotan beheiti amildu zen. Andres berehala hil zen; Sucunza, hiru orduko agonia baten ondoren. Bertze guztiak zauritu bai, baina bizirik atera ziren.

Istripu larri hark eskualde osoa hunkitu zuen. Eta Nicetaren bizitza hankaz gora jarri zuen. Zortzi-seme alaba zituen, 22 eta 2 urte artekoak, eta Iruñera bizitzera eraman behar izan zituen, Andres kamineroa hila zenez Lekunberrin erabiltzen ari ziren etxetik bota baitzituen Diputazioak. Zorionez, Ayestaran hotelekoek eta Lekunberriko bertze batzuek diru bilketa bat egin zuten,  alargunari eta umezurtzei hasiera batean aurrera egiten lagundu ziena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude