Deierriko Zurukuain herrian jaio zen Felix Azpilicueta Martinez, 1856an. Aita, Patricio Azpilicueta, bertakoa zen eta ama, Gervasia Martinez, Aiegikoa, baina Fuenmayorren (Errioxa, Espainia) ba omen zituen senideak eta ondasun batzuk, eta hara joan zen Felix semea 1872an, 16 urte eskasekin, ondasun haiek eta jangaien denda bat kudeatzera. 1875ean Gregoria Gonzalorekin ezkondu zen, herriko bi familia aberatsetako baten alabarekin, eta amak Fuenmayorreko ondasunak eman zizkion, dote gisa. Hamabi seme-alaba izan zituzten, eta horietako batzuk ardoaren negozioan aritu ziren, aita bezalaxe.
Bodegas El Romeral izeneko upategia sortu zuen Felix Azpilicuetak 1881ean eta orduantxe jarri zen burubelarri ardoa egiten eta saltzen. Frantziara, Suitzara eta Italiara esportatu zuen ardo anitz, batez ere lehenbizikora, filoxeraren krisia bete-betean zela. Hain zuzen ere, filoxera Errioxara ailegatu zelarik, Felix Azpilicueta aitzindaria izan zen mahasti amerikarrak erabiltzen.
Ardoekin diru asko egin zuen eta sukurtsalak ireki zituen Logroñon, Santanderren, Bilbon eta Donostian, eta bere jarduerak eta negozioak bertze sektore batzuetan ere dibertsifikatu zituen; hala nola, fosfato erauzketan (Amusco), kontserbetan (La Riojana, Azpilicueta y Belsué enpresarena), porlanetan edota elektrizitatean (Electra de Buicio).
Praxedes Mateo-Sagasta Espainiako lehendakariaren laguna izan zen, 1880-1883 urteetan Fuenmayorreko alkatea izan zen eta, geroago, Errioxako diputatua. 1922ko otsailean Fuenmayorreko plaza bati bere izena eman zioten (ordu arte “Aurrerapenaren Plaza” deitzen zen), baina Felix Martinezek ez zuen omenaldira joaterik izan, bere bizitzaren azken urteak Donostian eman baitzituen. Hala ere, Fuenmayorren hil zen, 1927an.
Erran bezala, Azpilicueta Martinezek dirutza handia metatu zuen bere bizitzan, baina bere hagiografoek diotenez, “inoiz ez zuen bere jatorri xumea ahaztu” eta donazio ugari egin zituen. Konparazio batera, 1921ean, Marokoko gerra kolonialean, Azpilicuetak eguneko bi erreal eman zizkien Fuenmayorreko soldaduei, frontean egon bitartean.
Jaiotza: 1856ko otsailaren 21ean, Zurukuainen (Nafarroa)
Heriotza: 1927ko urtarrilaren 16an, Fuenmayorren (Errioxa, Espainia)
Informazio gehiago: