Errioxako ardoekin aberastu zen Felix Azpilicueta Martinez zurukuaindarra aitzindaria izan zen hainbat gauzatan; hala nola, bere jarduerak eta negozioak zenbait sektoretan dibertsifikatzen. Adibidez, Belsue abizeneko batekin Azpilicueta y Belsue sozietatea sortu zuen, 1902an Alfaron (Errioxa, Espainia)1, La Riojana markako kontserbak ekoitzi, ontziratu eta merkaturatu zituena.
La Riojanak publizitatea erabiltzen zuen. Hain zuzen ere, artikulu honetan agertzen den iragarkia Bartzelonako Mercurio aldizkarian (1901-1937) agerturiko bat da. Revista comercial hispano-americana abizena zuen aldizkari hark eta merkataritzari buruzko artikuluak biltzeaz gain, dozenaka eta dozenaka iragarki pilatzen zituen couche paperezko orrialdeetan. Hagitz iragarki politak argitaratzen zituzten, horietako asko diseinu modernistakoak eta kolore bat baino gehiagokoak. Baina La Riojanakoek nahiko iragarki gatzgabea ateratzen zuten, zuri-beltzean eta batere ilustraziorik gabe. Eta, gainera, Azpilicueta abizena gaizki idatzita agertzen zen iragarki hartan. Baina inor ez zen akatsaz ohartu, topatu ditugun 1919ko eta 1920ko iragarki guztietan ‘Azpiricueta’ ageri baita. Dena dela, hain zuzen ere, akats horrek ematen dio xarma iragarki honi.
Dimentsioak: 10 x 6,3 cm.
Data: 1920. Urte hori zuen jarria saltzaileak Todo Coleccion webguneko fitxan. Interneten ikusgai dauden Mercurio aldizkariko aleetan 1919 eta 1920 urteetako 7 aldizkaritan aurkitu dugu iragarkia, baina ez dugu artikulu honetako iragarkiaren data zehazterik izan.
Transkripzioa: “LA RIOJANA. FÁBRICA DE CONSERVAS VEGETALES. Una de las de mayor producción y exportación a todos los países. Especialidad en Pimientos morrones y Puré de tomate. AZPIRICUETA Y BELSUE. ALFARO – RIOJA”.
Jabetza: Asier Azpilikueta Aragon. 2024ko urtarrilean euro batean erosia, Todo Coleccion webgunearen bidez.