Epifanio Azpilicueta Garciak 18 urte zituen 1936an eta lehen egunetik hartu zuen parte Gerra Zibila ekarri zuen estatu kolpean. Nafarroako Artxibo Nagusian gordetzen duten bere soldadu fitxan idatzita dagoenez, “uztailaren 19ko boluntarioa” izan zen eta erreketeen Erregearen Tertzioan hartu zuen parte. Unitate militar hori uztailaren 19an berean abiatu zen Somosierrarantz (Madril).
Hortaz, artikulu honen argazkiak gerra hasi baino lehenagokoa izan behar du. Egun batzuk lehenagokoa? Aste batzuk lehenagokoa? Batek daki. Baina Epifanio uniforme militarrarekin agertzen da. Baita bere anaia txikiak ere, anaia handia imitatu nahian-edo. Inguruan bortz arrebak dituzte; eta erdian, ama: Niceta, alarguntza bikoitzekoa, goitik behera beltzez jantzita, eta 50 urte izan arren 70 urte dituela dirudiena.
Eskuin-eskuinean ageri den Carmen neska dotorearen alaba batek kontatu izan du inoiz bere amak azaldu ziola argazkia egin zutela Epifanio gerrara joan baino lehen, hain zuzen ere, gerrara zihoalako.
Argazkikoak: ezkerretik eskuinera, Maria Azpilicueta Garcia (1913), Jesus A.G. (1926), Luis A.G. (1922), Niceta Garcia El Busto (1886), Magdalena A.G. (1915), Benita A.G. (1906), Epifanio A.G. (1918), Asunción A.G. (1924) eta Carmen A.G. (1920).
Data: 1936ko uztaila.
Lekua: Iruñea.
Egilea: Ezezaguna.
Jabetza: Ezezaguna. Artikulu honen irudi digitala lortu dugu ez-dakigu-nork zuen jatorrizko paperezko kopia baten paperezko bertze kopia bat eskaneatuz.