Lau ofizial karlista

Badira hainbat modu gure arbasoen berri izateko, eta horietako bat da gai bateko edo bertzeko liburuetan izaten diren pertsonen aipamenak bilatzea eta arretaz irakurtzea. Konparazio batera, har dezakezu Militares carlistas navarros (1833-1849)1 lan itzela eta bertan xehe-xehe dokumentaturik dauden Lehen Karlistaldiko 451 ofizial karlisten zerrenda arakatu, zure aurrekoak nafarrak baldin baziren aukera anitz baituzu baten bat topatzeko.

Aipaturiko liburua ederki ordenaturik dagoenez, aise aurki daitezke abizen zehatz bateko pertsonak. Gure deiturari dagokionez, zerrenda horretan lau ofizial nafar daude lehen abizena Azpilicueta dutenak: Jose Ramon Azpilicueta, Juan Azpilicueta, Francisco Azpilicueta Larraona eta Carlos Maria Ignacio Azpilicueta Perez de Obanos. Liburuan zehazten dute azken hori lezaundarra zela; hala, zuhaitz genealogikoan gibelera eginez, baieztatu ahal izan nuen bortz belaunaldi lehenagoko gure arbaso baten anaia izan zela.

Hona hemen liburuan zerrendatzen dituzten lau azpilikuetatar horien datuen laburpena:

Jose Ramon Azpilicueta
Jaiotza: ezezaguna // Heriotza: ezezaguna
1838an preso hartu zuten.
Lehen Karlistaldia teniente gisa bukatu zuen (1839).
Ez zuen Bergarako hitzarmenarekin bat egin (1839), baina ez dakigu erbestera joan ote zen eta, joatekotan, zenbat urtez.
1848an teniente kargua berretsi zioten. Eta bertze batzuekin batera Espainiako erregina zoriondu zuen Madrilen udaberrian altxatu zirenen aurka lorturiko garaipenagatik.
Kanpaina montemolinistan hartu zuen parte eta 1849an itsasoz haraindira erbesteratzea agindu zuten.

Juan Azpilicueta
Jaiotza: ezezaguna // Heriotza: ezezaguna
Lehen Karlistaldia teniente koronel gisa bukatu zuen (1839).
Bergarako hitzarmenarekin bat egin zuen (1839).
1840ko apirilaren 10ean lizentzia mugagabea eman zioten, Zabalen egoteko, hilero 405 erreal kobratuz.

Francisco Azpilicueta Larraona
Jaiotza: Zabal-en, 1800eko martxoaren 4an // Heriotza: 1868ko azaroaren 13an
Lehen Karlistaldia bigarren mailako sarjentu gisa hasi zuen (1833) eta kapitain gisa bukatu (1839). Nafarroako 1. batailoian eta elbarrien gorputzean egon zen sartua.
1834an balaz zauritu zuten eta zerbitzurako baliaezin gelditu zen.
Bergarako hitzarmenarekin bat egin zuen (1839) eta 1841ean kapitain kargua berretsi zioten, baina urrian O’Donnell-en altxamenduan hartu zuen parte eta Frantziara joan behar izan zuen bi urtez.
1846an erretiroa eman zioten, hileko 270 errealen soldatarekin.

Carlos Maria Ignacio Azpilicueta Perez de Obanos
Jaiotza: Lezaun-en, 1810eko azaroaren 4an // Heriotza: ezezaguna
Lehen Karlistaldia soldadu gisa hasi zuen (1834) eta teniente gisa bukatu (1839). Nafarroako 1. batailoian (1834), Ohorezko Guardian (1834-36) eta Nafarroako 6.ean (1836-1839) egon zen sartuta.
Ez zuen Bergarako hitzarmenarekin bat egin (1839), “halaxe erabaki baitzuten bere batailoiko buruzagiek” eta Frantzian egon zen erbesteraturik 1843 arte.
1848ko maiatzean, bertze 50 ofizial karlistekin batera (nafarrak gehienak), Lizarran sinaturiko eskutitz baten bidez Espainiako erregina zoriondu zuen Madrilen udaberrian altxatu zirenen aurka lorturiko garaipenagatik.
1848ko amnistia dekretuarekin bat egin zuen eta 1851n teniente kargua berretsi zioten.
Bigarren Karlistaldian hartu zuen parte (1872-1876), komandante gisa. Baina bukatutakoan, eta galtzean, fideltasuna aitortu zion Alfonso XII.a erregeari.
1877an teniente kargua eta soldata berretsi zizkioten.


1 Garcia-Sanz Marcotegui, Angel eta Ruiz Astiz, Javier (2017). Militares carlistas navarros (1833-1849). Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude