Jesus Luis Azpilicuetaren kromoa

Bistan da Azpilikueta abizena duten puntako futbolarien artean Cesar Azpilicueta dela ezagunena. Baina izan dira gehiago. Adibidez Jesus Luis Azpilicueta Garcia iruindarra1, 1978-79 eta 1979-80 denboraldietan Espainiako Lehen Mailan jokatu zuena, Espanyol2 futbol taldean hain zuzen ere.

Eivissa3 taldearekin Bigarren B mailara igo eta gero, 1978ko udan ailegatu zen Jesus Luis Azpilicueta Bartzelonako perikitoen taldera, 27 urterekin. Egiaren aitortzeko, ibilbide laburra izan zuen, Jose Antonio Irulegui entrenatzaileak ez baitzuen gehiegi erabili. Erdilaria zen eta lehen denboraldian hamar partida jokatu zituen (8 Ligan eta 2 Kopan) eta bigarrenean, sei (bakarra Ligan eta 5 Kopan; azken horretan bi gol sartu zituen). 1980ko uztailean utzi zuen Bartzelonako taldea4.

Artikulu hau laguntzen duen kromoa Ediciones Este enpresak argitaratu zuen, 1979an. Ediciones Este 1965ean sortu zen Bartzelonan eta 1971-72 denboraldian atera zuen Espainiako Ligari buruzko lehenbiziko bilduma. Ediciones Estek arrakasta eta salmenta handiak lortu zituen futboleko kromoekin eta 2001ean Panini taldeak erosi zuen, jatorrizko izenari eutsita5.

Dimentsioak: 4,1 x 6,7 cm.

Data: 1979.

Aurrealdearen transkripzioa: AZPILICUETA / R.C.D. ESPAÑOL.

Atzealdearen transkripzioa: LIGA 79-80 / AZPILICUETA / R.C.D. ESPAÑOL / © EDICIONES ESTE / Torrente Flores, 160 / Barcelona-24 / Dep. Legal 18.270-79 / I. Gr. Domingo / S. Juan Despí

Jabetza: Asier Azpilikueta Aragon. 2024ko otsailean 4,2 euroan erosia, Todo Coleccion webgunearen bidez.


1 Iruñean jaio zen 1952ko abenduaren 20an.
2 Garai hartan Español zuen izena.
3 Garai hartan Ibiza zuen izena.
4 www.periquito.cat webgunetik harturiko datuak.
5 Pascual, Manuel (2014ko uztailaren 7a). La historia del fútbol cabe en los cromos. Cinco Días.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude