Ziurrenik, Donostia izan da Azpilikueta deiturako inor alkate izan duen hiririk handiena. Zehazki, Felix Azpilicueta Viguera izeneko bat1 izan zen Gipuzkoako hiriburuko udalburua 1948 eta 1949 urteetan, hau da, frankismoa bete-betean zela. Ez dakigu bera alkatea zela bururatu ote zitzaion Donostian lur azpiko trena eraikitzea -bertze batzuei aurrerago bururatu zitzaien bezala-, baina herri lanekin loturiko lanpostu eta kargu nahikotxo bete zituen bere karreran, eta litekeena da bere burutik obra megalomano bat baino gehiagoren ideia pasatu izana.
Nolanahi ere, artikulu honetara obra txikiekin zerikusia duen metroa ekarri nahi izan dugu; gauza ez oso handiak neurtzeko erabiltzen den tresna, alegia. Metro hau egurrezko 10 piezarekin egina dago, metalezko bandekin lotuta daudenak. Alde batean zentimetroak eta milimetroak zehazten ditu (2 metro arte), eta bertze aldean, hazbeteak (78.74 in arte). Nik 2024ko martxoaren 31n zabaldu nuen metro hau azkenengoz, eta pieza guztiak osorik zituen, urratu nabarmenik gabe.
Metroan hiru lekuren erreferentziak agertzen dira: Londres, Donostia eta Mataro. Azken hori halaxe agertzen da: “M.M.S.A. Mataro”. Beraz, litekeena da metroa Kataluniako herri horretan egin izana, izen horretako enpresa horrek egurrezko metroak egiten baitzituen (badirudi izenaren bi M horiek erran nahi dutela ‘Metros de Madera’; hau da, ‘Egurrezko Metroak’).
Metroan bi pertsonaren erreferentziak agertzen dira: Cowley eta F. Azpilicueta. Lehenbizikoaren inguruan ez dut batere informaziorik aurkitu, baina ingeniari ingeles baten izena dirudi. Eta bigarrena litekeena da Felix Azpilicueta Viguera izatea, enpresa askoren Donostiako ingeniaria izan baitzen. Baliteke Felix Azpilicueta Gonzalo bere aitarena ere izatea, hura ere Donostiako merkatari bat izan baitzen; baina zailagoa dirudi, 1950ean 65 urte baitzituen.
Dimentsioak (ireki gabe): 23,7 cm (luze) x 1,5 cm (altu) x 4 cm (zabal).
Dimentsioak (irekita): 200 cm edo ia 79 hazbete (luze) x 1,5 cm (altu) x 0,2 cm (zabal).
Data: 1950eko urteetan egina omen dago, Todo Coleccioneko Guillermo Marquez Zamudio saltzaile sevillarraren ustez.
Transkripzioa: NIVEL AUTOM. COWLEY – F. AZPILICUETA – AP.94 – S.S. (1 eta 17 zentimetroen artean) // M.M.S.A. MATARO (92 eta 94 zentimetroen artean) // NO APTO PARA TRANSACCIONES COMERCIALES (192 eta 199 zentimetroen artean) // LONDRES (1 eta 2 hazbeteen artean)
Jabetza: Asier Azpilikueta Aragon. 2024ko otsailean 18 euroan erosia, Todo Coleccion webgunearen bidez.
1 Donostian jaio zen 1910eko ekainaren 27an, eta hiri berean hil 2006ko maiatzean (Auñamendi entziklopedia).
