
1998an hasitako nire kazetari ibilbide gorabeheratsuan ehunka (milaka?) elkarrizketa egin izan ditut; batzuk elkarrizketa moduan argitaratuak, bertze batzuk erreportajeak edo artikuluak osatzeko informazio iturri gisa eginak. Baina prentsa idatziari dagokionez -bertzerik da irratian-, gutxitan egon izan naiz grabagailuaren bertze aldean. Nire gauzei buruz kontatzeko gauza interesgarri handirik ez baitut izan inoiz.
2003an desgrazia erraldoia pairatu genuen euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko euskarazko egunkari bat behar-beharrezkoa dela sinesten dugunok. Otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi zigun Guardia Zibilak Juan del Olmo epaile zitalak aginduta: egoitza guztiak itxi, denetara 18 pertsona atxilotu, eta horietako batzuk torturatu zituzten.
2003ko ekainaren 21ean Berria egunkari berriaren lehen alea argitaratzea lortu genuen arte, tarteko lau hilabete haietan, Nafarroaren luze zabalean ibili nintzen kamisetak saltzen, hitzaldiak ematen, batzarretan parte hartzen, mobilizazioak antolatzen eta jende jatorra konbentzitzen kazeta berriko akzioak eros zitzan. Garai hartan Iruñeko zenbait auzotan herri aldizkariak argitaratzen zituzten eta horiek guztiek partekatzen zuten Orbela gehigarrirako elkarrizketatxoa egin zidan Sergio Labaien kazetariak, gaztelaniaz, arestian aipaturiko gaien inguruan. Fotografiak Josu Santesteban argazkilariak egin zituen.
Agiri mota: Argitalpena. Paperean argitaraturiko elkarrizketa baten kopia digitala da, JPG formatuan dagoena.
Dimentsioak: Lehen fitxategia 1.100 x 1.673 (440 KB); bigarren fitxategia 1.673 x 1.198 (462 KB); eta hirugarren fitxategia 1.558 x 1.639 (806 KB).
Data: Elkarrizketa 2003ko martxoa eta ekaina bitartean argitaratu zuten.
Transkripzioa: –
Jabetza: –