
Duela bederatzi urte, Diario de Navarra egunkariak gure izeba zahar baten inguruko artikulua argitaratu zuen Nafarroa saileko Iruñea eta Iruñerria azpisaileko Kaleak eta auzoak ataleko Anonimo popularrak azpiatalean. Pilar Fernandez Larrea izeneko kazetari leitzarrak sinatu zuen artikulua. Fernandezek urteak eman zituen larunbatetan goiburu horrekin pertsona ezezagunei buruzko artikulu hurbilak argitaratzen, “kazetaritza humanoa” deitzen duten hori egiten.
Erran bezala, 2015ean, gure izeba zahar bati egokitu zitzaion atal horretan agertzea. Mariaren begirada ausarta izenburua paratu zion kazetariak Maria Azpilicueta Garcia ezezagunaren gaineko artikuluari. Iruñeko II. Zabalguneko Ruiz de Alda etxe multzoak 65 urte egiten zituen ordu hartan eta Maria hasiera-hasieratik izan zen bertako bizilaguna; eta efemeride ahul hori abiapuntu hartuta, Mariak bere bizitzako nondik norakoak goitik behera kontatu zizkion kazetariari.
Merezi du artikulu osoa arretaz irakurtzea, ongi idatzita egoteaz gainera, oso gauza interesgarriak kontatzen baititu. Maria Betelun jaio zen 1913an, aitaren ogibideak hara eraman baitzuen familia. Geroago, Lekunberrira joan ziren bizitzera eta, han zeudela, aita 1928an hil zitzaien Azpirotzen, auto istripuz; eta aipatzen ari garen artikulu hartan Mariak esplikatu zuen haren heriotza dela-eta “pentsiorik eta etxerik gabe” gelditu zirela. Berak 14 urte zituen orduan eta, 88 urte geroago, oraindik ere ongi gogoratzen omen zuen zoritxarreko egun hartako minutuetako bakoitza. “Eta berotasunez eskertzen du Lekunberriko herritarrengandik jaso zuten laguntza”, dio artikuluak. “Ayestaran hotelean diru bilketa egin zuten eta Escala etxetik esnea bidaltzen ziguten Plazaolan”.
Eskolan “zoriontsua” zela kontatu zuen Mariak eta haserretzen zela joaten uzten ez ziotelarik. Hartara, pentsatzekoa da are gehiago tristatuko zela aitaren heriotza zela-eta ikasketak utzi behar izan zituenean. “14 urterekin Iruñera joan behar izan nuen, neskame. Gose handia pasatu nuen, egunero afaltzeko kafesnea eta ogia ematen zidaten. Hilekoa eten zitzaidan eta ama horretaz ohartu zelarik ospitalera eraman ninduen, bai eta etxe hartatik atera ere”. Ordurako, familia osoa mugitua zen hiriburura. Maria jostun hasi zen. Laneko arropa josten zuen: hiru pezeta dozena bat alkandoraren truke.
Artikulua interneten dago oraindik eskuragai. Baina, bukatzeko, erran dezagun zergatik artikuluaren lerroburuan aipatzen den Mariaren ausardia. “Egun txar batean ezkondu nintzen. Militar batekin. 26 urteko kalbarioa izan zen”. Baina Mariak, 52 urte zituelarik, ausarki erabaki zuen ezin zuela gehiago jasan. Artikuluak ez du xehetasunik ematen, baina tratu txarrak pairatu zituen. “San Frantziskoko apezak erraten zidan liskarra sortuz gero leihoak irekitzeko eta banantze eklesiastikoa eman zidaten”.
Agiri mota: Paperezko egunkari baten orrialde zati bat.
Dimentsioak: 25 x 32 cm.
Data: Artikulua 2015eko azaroaren 28an argitaratu zuten.
Transkripzioa: Artikulua hemen irakur daiteke. Paperezko egunkari zatiaren goiko aldean honako hau idatzi zuten boligrafo urdin batekin: “Mª del Mar. Un beso fuerte y saludos para todas las Hnas en especial para ti. Dolores Lerga”.
Jabetza: Paperezko egunkari zatia Asier Azpilikuetarena da. Artikuluaren egile eta esplotazio eskubideak egilearenak eta enpresa argitaratzailearenak dira, noski.
