1924. urtean egin zuten Lekunberriko erroldan 664 pertsonaren datuak bildu zituzten: 345 emakume (%51,96) eta 319 gizon (%48,04) 129 etxebizitzetan banatuak. Horietaz aparte 31 moja bizi ziren klaratarren komentuan. Zentsu hartako datuetan murgiltzeak aukera aparta eskaintzen du garai hartako Lekunberriren erradiografia egiteko.
[Mailope aldizkarian 2024ko abenduan argitaraturiko erreportajea]
1924ko martxoan, Primo de Riveraren diktadura bete-betean zela, Espainiak estatutu munizipal bat onartu zuen eta horrekin, beste gauza askoren artean, ezarri zuen bere menpeko lurraldeko udalerri guztien errolda bost urtean behin egin behar zela. Estatutu haren arabera, udalerri bateko biztanleak lau moduetako batean zerrendatu behar ziren: familiaburua (cabeza de familia, jatorrizkoan), bizilaguna (vecino), domiziliatua eta pasadizokoa (transeunte). Familiaburua etxebizitza bateko ordezkari legala zen.
Aurrerago, dekretu batek adierazi zuen biztanle bakoitza sailkatzeaz aparte, beste zenbait datu gehiago ere bildu behar zirela, hala nola, izen-abizenak, adina, egoera zibila, jaioterria, lanbidea eta abar. Hala, familiaburu bakoitzari inprimaki bat emanen zioten bere etxebizitzako guztien datuak biltzeko. Baina aztertzen ari garen Lekunberriko kasuan ez zuten horrela egin izanen, soilik pertsona bakar baten idazkera antzematen baita lekunberriarrei dagozkien hamasei orrialdeetan. Lekunberrin bizi zen Larraungo Udaleko idazkari Jose Antonio Arrillaga Oronoz ibiliko zen etxez etxe datu horiek guztiak biltzen? Baliteke. Eta ez zen lan txikia izanen.
Gogoratzekoa da 1924. urtean Lekunberri Larraungo udalerriaren barnean zegoela oraindik –1995ean bereizi zen–, eta, beraz, zerrendak Larraungo herri guztietako biztanleak hartu zituela. Nik, baina, lekunberriarrei dagozkien hamasei orrialdeetako datuak baino ez ditut aztertu; batetik, iruditzen zaidalako Lekunberrik baduela halako izaera berezitu bat azterketa berezitua merezi duena, eta bestetik Andres Azpilicueta Goñi eta Niceta Garcia El Busto nire birraiton-birramonen familia lekunberriarren artean ageri delako.
Lekunberrin bi urte baino ez zeramatzan Fidel Manrique Gil Iruñeko tratulari gazteak irekitzen du zentsua; eta Antonio Albiasu Esnaola bi urteko haur oraindik eskolatugabeak itxi. Eta bi horien artean beste 693 pertsonaren datuak daude. Alegia, denetara 695 pertsona zeuden erroldatuta Lekunberrin 1924. urtean. Eta Larraungo gainontzeko herrietan 2.500 inguru izanen ziren. Baina egun, ehun urte geroago, egoera guztiz ezberdina da: Lekunberrin 1.700 bat pertsona bizi dira eta Larraunen, 900 inguru. 1924ko errolda egin zutelarik, 49 lekunberriar, erroldatu guztien % 7,05, ez zeuden une hartan Lekunberriko beren etxean bizitzen, eta halaxe zeuden markatuta (ausente, jatorrizkoan). Kontrara, bazeuden pasadizoko 33 pertsona (transeunte), erroldatu
guztien % 4,89, Lekunberrin nolabait behin-behinean bizi zirenak. Modu batean edo bestean sailkatuta egon arren, sartu ditut azterketan bi multzo horietako pertsonak. Aitzitik, kanpo gelditu dira klaratarren komentuko 31 mojak, beren izaera bereziak –denak emakumeak izatea, denak helduak izatea, denak alfabetatuak izatea, ia denak nafarrak izatea baina gehienak ez larraundarrak…– nahikotxo baldintzatzen baitzituen zenbait emaitza.
Beraz, komentuko datuak alde batera utzita, 1924ko Lekunberriko erroldan 129 etxebizitza daude zerrendatuta eta horietan, batez beste, 5,15 biztanle bizi ziren. Etxebizitzarik jendetsuena Jacinto Ayestaran Martija eta Jesusa Garro Ayestaran hoteleko jabeena zen. Bertan 14 pertsona bizi ziren: aipaturiko senar-emazteak, beren bost seme-alabak, sei senide eta apopilo bat (huesped, jatorrizkoan): Miguel Zavala Goicoechea iruindar harakina (cortador).
Jende kopuru txikieneko etxebizitzak bizilagun bakarrekoak ziren, noski. Halako bederatzi daude 1924ko erroldan: Pedro Juan Beretervide Iroz erretorearena (Luzaidekoa), Joaquín Blanco Sagaseta de Ilurdoz medikuarena (Iruñekoa), Bonifacia Buldain Garralda neskazaharrarena, Vicente Erro Oyarzun jornalariarena, Nicasio Garbayo Ayala beste medikuarena (Iruñekoa ere bai), Paula Garro Ormaechea jostunarena, Daniel Sancho Larío jornalari espainiarrarena, Manuel Jacinto Illarramendi Arrillaga nekazariarena (Usurbilgoa), eta Pedro Otamendi García enplegatuarena (Iruñekoa).
Miguel Echarri eta Maria Zubeldia
Erroldan agertzen den lehenbiziko datu pertsonala izen-abizenei dagokiena da. Erroldako 664 pertsonek 276 izen ezberdin erabiltzen zituzten: 125 gizonezkoena eta 151 emakumezkoena. Izen bakunak konposatuak baino ohikoagoak dira, azken horiek izen guztien %15 baino ez baitira. Hemen zalantza sortzen da: izan ere, gerta daiteke bataiatzean izen konposatu bat jasotzea, baina gero, erabilera errazenaren ondorioz, erroldara izen bakuna eramatea.
Zentsuan, emakume izenik ohikoena Maria da; 28 emakumek dute izen hori, emakume guztien % 8,12. Baina beste 45 emakumek ere badute Maria izena haien izen konposatuetan. Beraz, denetara, Lekunberriko emakumeen % 21,16k biratzen zuen burua Maria entzutean. Bigarren izen ohikoena
Josefa zen, 19 errepikapenekin. Eta gero Juana (14), Micaela (12) eta Manuela (12). Gizonezkoen artean, berriz, Miguel da izenik errepikatuena, ziurrenik San Miguel santutegiaren gertutasunagatik; 20 lekunberriarrek zuten izen hori, gizon guztien % 6,27. Haren ondotik heldu dira Manuel (14), Francisco (14), Jose (13) eta Juan (11).
1924an ohikoa zenez, erroldako izen guztiak gaztelaniazkoak dira. Bat izan ezik. Emakumeen artean bada Imanole izeneko bat (gaztelaniaz Manuela litzatekeena), Imanole Aoiz Viscarret 8 urteko neskatoa, hain zuzen ere. Imanole 1916 aldera jaio zen Irunberrin, eta bitxia da izen hori jarri izana,
Imanole izena 1910ean agertu baitzen lehenbizikoz Sabin Aranak Bilbon argitaraturiko izendegian. Imanole, 1921ean joan zen Lekunberrira bizitzera, Manuel Viscarret Roda bere osabarekin batera. Manuel Lekunberriko botikaria zen.
Abizenei dagokienez, erroldako 664 lekunberriarrek 304 deitura ezberdin zituzten. Horietatik 233 argiki euskal abizenak dira, hau da, abizen guztien % 76,64. Banaketa hori zertxobait aldatzen da kopuru absolutuei begiratuz gero: lekunberriarren abizenen % 64,46 zen euskalduna. Erroldan bi abizenekin agertzen dira herritar gehien-gehienak eta lehenbizikoa zein bigarrena kontuan hartuta Etxarri da deiturarik ohikoena, 47 errepikapenekin. Ondorengo abizen errepikatuenak hauexek dira: Zubeldia (32), Astiz (30), Garbisu (26), Goicoechea (26), Erneta (24), Martiarena (21), Mariñelarena (20), Azpiroz (19) eta Ayestaran (18). Sailkapeneko hamabigarren postuan agertzen zaigu lehen abizen erdalduna: Michaus (17). Bakarrik lehen abizenak hartzen baditugu kontuan, Saldise joaten da bigarren postura, 16 errepikapenekin.
31 moja klaratarren komentuan
1924ko erroldaren arabera, Lekunberriko klaratarren komentuan 31 moja bizi ziren orduan. Kontakizun ofizialak dio komentua 1888an sortu zutela Jose Maria Juanmartiñenak eta Juana Josefa Noguerak, beren iloba Sor Maria Pilar de San Juan de la Cruz-ek halaxe eskatuta. 1924ko errolda begiratuta, baina, zalantza sortzen da, ea benetan urte hartan jarri ote zen komentua martxan ala urte batzuk geroxeago. Izan ere, moja bakoitzaren adinari komentuan zeramatzan urteak kenduta, ateratzen zaigu zerrendako lehenbiziko hamar mojak 1895-96an sartu zirela komentuan. Beraz, litekeena da komentuko bizitza benetan orduan hastea.
Komentuko zerrendan agertzen den lehen pertsona abadesa da, Pilar Marco Vinta du izena, eta baliteke komentuko sortzaileen iloba hura izatea; Maria Pilar de San Juan de la Cruz ez baita benetako izena, moja izena baizik. Abadesa Urrozkoa zen, nafarra, komentuko moja gehienak bezalaxe. 31 mojetatik 28 nafarrak ziren (horietako bederatzi, Larraungoak), eta beste hirurak, gipuzkoarrak. Hain zuzen ere, komentura ailegatzen azkena –komentuan zortzi egun baino ez zeramatzan– Hondarribikoa zen: Emilia Lapitz Aguinagalde, 44 urtekoa. ‘Lapitz’ abizena halaxe idatzita agertzen da, TZ-rekin. Abadesa zen komentuko zaharrena 1924an, 65 urterekin. Eta gazteenak, Ignacia Aranzabal Insausti tolosarrak, 25 urte zituen. Urte hartan, mojek batez beste 25 urte zeramatzaten Lekunberrin erroldatuta, eta haien batezbestekoa 45 urtekoa zen. Denek bazekiten irakurtzen eta idazten eta denek zuten ofizio bera: kontenplaziozko bizitza.
