1948 eta 1949 urteetan Donostiako alkatea izandako Feliz Azpilicueta Viguerak, gutxienez, hiru liburu argitaratu zituen bere kabuz: Microconchas de la bahía de San Sebastián (2002), 500 chistes clasificados (1995) eta 500 chistes clasificados 2 (1997). Txisteen bi liburuki horiek Camilo Jose Cela idazlearen hitzaurre bat dakarte, zeinean donostiarraren umorea Quevedo, Gomez de la Serna edo Forgesen umorearen pare jartzen baitu. Gehiegitxo, agian. Nik liburuko txiste batzuk baino ez ditut irakurri eta, zer nahi duzue erratea, bertze mende bateko umorea iruditu zait.
Azpilicueta Viguerak aitzin-solasean dio txiste gehienak berak entzun bezala idatzi dituela eta %10 benetan gertaturiko pasadizoak direla. Bortz mailatan sailkatuak ditu txisteak, eta hortik dator liburuaren izenburua. Beraz, batetik bortzera, txistea zenbat eta maila altuagoan egon, orduan eta astakirtenagoa da eta/edo hitz lodiagoak erabiltzen ditu.
Argitaletxea: Egileak bere kabuz argitaratu zuen.
Data: 1997.
Transkripzioa: Ale honen bigarren orrialdean zera idatzi zuen Azpilicueta Viguerak boligrafo urdinez: “A mi buena amiga Soco Garcia Diaz con la ilusión de que le haya apetecido tener mi segundo libro de chistes se lo dedico con todo mi afecto y cariño deseando que con su lectura pase unos ratos alegres y agradables. [SINADURA] San Sebastián 25 de Septiembre de 1997”.
Dimentsioak: 210 mm (luze) x 150 mm (altu). 235 orrialde.
Jabetza: Asier Azpilikueta. 2025eko urtarrilean 9 euroan erosi nion Athor Coleccionismo saltzaileari, Todo Colección plataformaren bidez.