Lekunberri duela ehun urteko zenbakitan (eta II)

1924ko Lekunberriko erroldako 664 biztanleen batezbestekoak eta datu errepikatuenak aintzat hartuta, garai hartako lekunberriar prototipikoak Miguel Echarri Garbisu eta Maria Zubeldia Astiz izanen lirateke, biak Larraunen sortuak, eta biek jakinen lukete irakurtzen eta idazten. Miguel nekazaria izanen litzateke, eta Maria, etxekoandrea.

[Mailope aldizkarian 2025eko otsailean argitaraturiko erreportajea, aurreko abenduan kaleratutako baten bigarren zatia]

1924ko erroldan agertzen zaizkigun lekunberriarren batezbesteko adina 28,54 urtekoa da. Alegia, duela ehun urteko Lekunberri oso gaztea zen. Izan ere, 18 urte baino gutxiagoko 235 haur zeuden erroldaturik, biztanle guztien % 35,39. Dudarik gabe, haurrez bete-beteak egonen ziren Lekunberriko karrikak garai hartan. 1924ko populazio piramideari begiratuz gero, argi ikusten da belaunaldi gazteagoen pisu handi hori. Era berean, ikusten da nola 50-54 urtekoen artean baden urritze nabarmen bat. 1870 eta 1874 urteen artean jaio ziren haiek; hau da, Bigarren Karlistaldian. Gerrak eragina izan zuen, beraz, jaiotzeen gutxitzean.

Erroldako lekunberriarrik gazteena hilabete eskas bateko Luis María Lorenzo Bermejo da, Iruñetik ailegatu berria zen telegrafista madrildar baten laugarren haurra. Zaharrena, berriz, Francisca Marculeta da, 90 urtekoa, Agustin Gastesi Aguirrezabala aguazilaren etxean ostatu hartuta bizi zena. Marculeta Lehen Karlistaldiaren garaian jaioa zen. 80-89 urte bitartekoak bost pertsona baino ez ziren 1924an, eta 70-79 urtekoak, hogei. Gaur egungo piramidea oso bestelakoa da, 70 urte baino gehiagoko 180 biztanle inguru bizi baitira Lekunberrin.

96 senar-emazte zeuden Lekunberrin 1924an. Hau da, biztanle guztien % 29 ezkonduta zegoen. Gehienetan gizona zen zaharragoa; eta senar eta emazteen arteko adin aldea 3,32 urtekoa zen batez beste, gizonen alde. Adin alderik handiena Antonio Goicoechea Jaunsaras eta Maria Asunción Miquelarena Armona senar-emazteen artekoa zen. Gizonak 52 urte zituen, eta emakumeak, 32. Miquelarena Argentinako Rosarion jaioa zen, portzierto.

Azterketa hau egiterakoan asmatu ditugun Miguel Echarri eta Maria Zubeldia lekunberriarrak elkarrekin ezkonduta baleude, batesbestekoei kasu eginda, gizonak 48 urte izanen lituzke, eta emakumeak, 45. Hiru seme-alaba izanen lituzkete, gainera: Josefa (17 urteko etxekoandrea), Manuel (14ko nekazaria) eta Juana (12ko ikaslea).

Erroldan agertzen diren egiazko 96 bikoteetatik 92tan emakumeak “etxeko lanak” egiten ditu (sus labores, jatorrizkoan). Horrela markaturik ez dauden lau emakumeetatik hiruk beren senarren ogibide berdina dute: tratularia, dendaria eta nekazaria. Azken hori baliteke datu biltzailearen akatsa izatea, errolda osoan emakume bakarra baita horrela izendatua. Etxekoandrea ez zen laugarren emakumea Manuela Cavodevilla Loidi maistra oltzatarra zen, ordurako Lekunberrin 11 urte zeramatzana.

Erroldak dakarren akats bat aipatu dugu. Baina, zoritxarrez, ez da bakarra. Batzuk aurkitzen errazak izan dira. Adibidez, Emilio Acebo Pando denda saltzaile asturiarra apopilo gisa ageri da Joaquina Aizpurua Ochotorena neskazaharraren etxean. Baina Juan Bautista Oquiñena Azpiroz dendariaren etxean ere badago erroldatua. Hau da, bi aldiz agertzen da zentsuan. Akatsaz oharturik, behin bakarrik zenbatu dut Acebo.

Baina beste batzuetan akatsak ez dira zuzentzen hain errazak izan. Esate baterako, ez da gutxitan gertatu, erroldako datuen arabera, pertsona batek udalerrian erroldatuta emandako urteak munduan bizitzen emandakoak baino gehiago izatea. Halakoetan bere inguruko pertsonen datuekin konparazioa eginez saiatu naiz benetako adina asmatzen. Dena dela, ez dut uste halako akatsek batezbestekoetan eragin handirik izan dutenik.

Azterketarekin jarraituz, aipa dezagun 28 alargun agertzen direla erroldan, 18 emakume eta 10 gizon. Alargunik gazteena Mercedes Solana izenekoa da, 31 urtekoa. Izenaren ondoan, parentesi artean, “Isasiren alarguna” du zehaztua. Sortzez Balmasedakoa (Bizkaia) zen, bi hilabete baino ez ziren Iruñetik Lekunberrira mugitu zela, Amalia bere alabarekin bizi zen eta bere ogibidea “errentaduna” izatea zen (rentista); halako ogibidea markatua duen emakume bakarra da.

34 zerbitzari
Egoera zibilaren ondoren, erroldak zehazten du zein harreman duen etxebizitza bakoitzeko bizilagunetako bakoitzak familiaburuarekin: emaztea den, semea edo alaba, arreba, ama politikoa, iloba, apopiloa… Lotura familiarrez aparte, badira 34 pertsona zerbitzari bezala sailkatuak (sirviente): 21 emakume eta 13 gizon, 14 eta 62 urte bitartekoak. Zerrendan gazteena Lorenza Apezteguia Goicoechea da; eta zaharrena, Miguel Garbisu Errazquin.

Emakume zerbitzarien kasuan, ogibidea zehazteko gelaxkan, zerbitzari hitza agertu ohi da berriz. Aitzitik, gizonezkoen kasuan, ez dira gutxi beren nagusien ogibide bera dutenak: zapataria, zurgina, igeltseroa… Pentsa daiteke etxe batean zerbitzari bat baino gehiago egoteak esan nahi duela etxe horretan ez zitzaiela dirudik falta izanen. 1924an, Lekunberriko hiru etxetan hiruna zerbitzari zituzten, eta beste batean, lau. Azken etxe hori Zacarias Irañeta Astiz alargun gaztearena zen. Erroldak dio Irañeta nekazaria zela, baina horrekin ezin jakin lur jabe handia zen ala beste askoren tamainakoa.

Erroldak ematen digun hurrengo datua ez da nolanahikoa, biztanleetako bakoitzak irakurtzen eta idazten ba ote zekien zehazten baitu. Analfabetismo tasa helduen artean begiratzen da, ez haurren artean, eta batzuen zein besteen arteko muga ikergai honetan 10 urtetan jarri ohi da. Bada, 1924ko erroldari kasu eginez gero, garai hartan Lekunberrin 10 urte baino gehiagoko 74 pertsona analfabetoak ziren, populazio osoaren %11. Estudioek diote 1920an Espainiako analfabeto helduak populazio osoaren %32,62 zirela. Beraz, Lekunberriko datua askoz ere hobea zen. Gainera, aipatzekoa da irakurtzen eta idazten ez zekiten gehienak nahiko helduak zirela. Hori bai, bazeuden 11 eta 18 urte bitarteko sei analfabeto eta nahiko posible da horiek halaxe ailegatu izana XX. mendearen azken laurdenera.

Gehien-gehienak sortzez nafarrak
Lekunberrin 1924an erroldaturik zeuden pertsona gehienak Lekunberrin berean edo Larraungo beste herriren batean jaioak ziren: 461, biztanle guztien % 69,43. Eta beste puska handi batekoak Nafarroako beste tokiren batean jaioak ziren: 158, biztanle guztien % 23,8. Hau da, hamar lekunberriarretik bederatzi baino gehiago Nafarroa Garaian sortuak ziren (% 93,23).

Larraundik kanpo jaiotako nafarren artean zatirik handiena Iruñekoa zen: 24 biztanle (Lekunberriko guztien % 3,61). Bigarren handiena, Basaburukoa: 14 biztanle (% 2,11). Baina Basaburukoei Larraunekin muga egiten duten gainontzeko udalerritakoak gehituz gero: 54 biztanle (% 8,13).

Alegia, gutxi ziren Lekunberritik oso urruti jaiotako lekunberriarrak. Bazeuden Argentinako lau: Jose Bernardo Miquelarena Mutuverria eta Vicenta Armasa Urrizaren seme-alaba zaharrenak (Feliciana, Angela eta Valentin, General Guido hirian jaioak) eta arestian aipatu dugun beste Miquelarena bat (Rosarion jaioa). Espainiatik, berriz, 23 ziren Lekunberriratu zirenak: hiru etxekoandre, bi guardia zibil (beste hirurak nafarrak ziren) eta horietako batzuen emazteak eta seme-alabak, bi jornalari, bi nekazari, trenbideko langile bat, maisua eta bere arreba txikia, elektrikari bat eta bere seme txikia, dendari eta denda saltzaile bana, sastre bat, eta notarioa.

Garai hartako lekunberriarren lanbideak aipatzen hasi garela, esan dezagun haur eskolatu gabeak (69) edo eskolatuak (101) kenduta (% 26,6 denera) “etxeko lanak” (sus labores) bezala azaldutakoa dela lanbiderik ohikoena. 225 emakume daude halako moduan markaturik (biztanle guztien % 33,89; emakume langile guztien % 88,24). Gainontzeko emakumeen artean badira hamabost zerbitzari, goi mailako ikasketen hiru estudiante, hiru modista eta jostun bat, bi dendari eta saltzaile bat, errentadun bat, tratulari bat, nekazari bat, maistra eta lanbidearen gelaxkan “bere sexua” (su sexo, jatorrizkoan) harrigarria markatua duena: 19 urteko Manolita Garralda Goldaracena.

Gizonezkoen lanbideen artean bada aniztasun handiagoa. 122 nekazari daude, eta 8 jornalari. Horixe da lanbiderik kopurutsuena (gizon langile guztien % 54,39). Baina badira 17 dendari, 11 zurgin, goi mailako ikasketen 8 estudiante (horien erdia apaizgaiak), 7 zapatari, 5 igeltsero eta 4 kaminero; eta beste hogeita hamar lanbide ezberdinetakoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude