Azpilicueta Beramendi familia (c 1941)

Azpilicueta Beramendi familiaren argazki bat, 1941. urtearen inguruan Iruñean egina.

Imanol Jimenez Azpilikueta eta biok 2025eko ekainaren 20an Arruazura joan ginen bisitan, Juanito Azpilicueta Beramendik gonbidatuta. Juanitok azpilikuetatarren nondik norakoen inguruan mintzatu nahi zuen gurekin, helburu zehatzagorik gabe, eta horretan aritu ginen bazkalaurreko aperitiboan, bazkarian eta bazkalondoko kafean. Azken hura Juanitoren iloba Marijose Aizpun Azpilicueta abegikorraren etxean egin genuen. Marijosek argazki andana atera zuen gure bisitaren bukaera aldera, eta artikulu hau laguntzen duena aukeratu nuen nik, haren inguruko informazioa emateko.

Argazkikoak: ezkerretik eskuinera, Teresa Azpilicueta Beramendi (1927koa), Maria Pilar A.B. (1932koa), Maria Beramendi Echeverria ama (1902koa), Maria Luisa A.B. (atzean zutik; 1925koa), Josefina A.B. (neskato txikia; 1940koa), Miguel A.B. (erdiko mutikoa; 1937koa), Vicente Azpilicueta Goñi aita (1898koa), Blanca Esther A.B. (1930ekoa), eta Txomin A.B. (1935koa).

Data: circa 1941. Argazkian agertzen den haurrik txikiena Josefina Azpilicueta Beramendi da. Josefina 1940an jaio zen eta badirudi argazkian urtebete inguru duela.

Lekua: Iruñea.

Egilea: Argazkiaren azpian ageri den zigiluak aitortzen duenez, fotografia Iruñeko Ruperez estudioan egin zuten (Calceteros karrikaren 12. zenbakian zegoen). Argazki honen gibelean ageri den hondoa Niceta eta seme-alabek 1936an egin zutenaren berbera ematen du. Beraz, litekeena da hura ere Ruperez estudioan egin izana.

Iruñeko Ruperez argazki estudioaren zigilua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude