Ez ohi da gehiegitan entzuten Azpilikueta abizena fikziozko film edo telesailetan. Ez da abizen arrunta, erran nahi baita ez da kide asko dituen abizena, eta agian horregatik. ETB1eko Go!azen telesail arrakastatsuaren 4. denboraldian abizenaren aipamen txiki-txiki bat agertu zen. 6. atalean ginkana bat antolatu zuten Basakabi ikastetxean, eta ikasle batzuk galdu egin ziren. Gertaera hark guraso batzuk kezkatu zituen eta horietako batek, Azpilikueta abizenekoak, zuzendariari deitu zion.
Ramon Agirre aktoreak jokatzen zuen denboraldi hartan Basakabiko zuzendariaren rola, eta honelaxe aipatu zuen Azpilikueta deiturakoa:
“Baietz gehiago nahasi oraindik”.
[telefono deia]
“Seguru guraso astun horietako bat dela”.
[deia hartzen du]
“Bai, esan?… Azpilikueta anderea! Bai, eeee… Pozten naiz zurekin hitz egiteaz… Zu batere ez. Ya”.
Nabarmentzekoa da nola Ramon Agirrek egoki ahoskatzen duen Azpilikueta abizena euskaraz, bigarren silaban goranzko azentua eta azken silaban beheranzkoa eginez (Azpílikuetà). Gaztelaniaren eraginez —azkenaurreko silaban goranzkoa egiten baitu (Azpilikuéta)—, euskarazko intonazio hori galtzeko bidean da.