
Espainiako estatua 1985ean-edo hasi zen Nafarroako Gobernuari osasungintzari buruzko eskumenak transferitzen. Hori baino lehenago, Espainiako Osasun Zuzendaritza Nagusiaren Nafarroako ordezkaritza arduratzen zen osasunarekin loturiko gauzak kudeatzen eta aurrera eramaten. Horren erakusgarri, nire txertaketen agiri batzuk ekarri nahi izan ditut hona, eta bide batez 1970eko urteen bukaeran zein txerto jartzen zituzten ikus dezakegu.
Lehenbiziko dokumentua jarritako txertoen kontrol orria da. Agiri horren arabera paratu zidaten lehen txertoa tuberkulosiaren kontrakoa izan zen (BCG sigletakoa). Eta ondoren gaixotasun hauen aurkakoak etorri ziren:
- Difteria
- Tetanosa
- Kukutxeztula
- Polioa
- Elgorria1
Kontrol orri hori gutxienez 1990 arte erabili nuen, urte hartakoa baita azken idatzoharra (atzeko aldean ageri da). Beheko galerian dagoen bigarren irudia kontrol orriaren atzeko aldeari dagokio. Hirugarren papera, berriz, txertaketa bakar baten ziurtagiria da, nire bizitzan jarri zidaten lehenbiziko txertoari dagokiona (BCG), baina datak ez du bat egiten kontrol orrian agertzen denarekin. Batek daki zergatik. Azkenik, laugarren papera 1984an eginiko txertaketa bati dagokio, baina Iruñeko Udalaren osasun burutzak sinatzen du; hortaz, badirudi txertaketen eskumena Espainiako estatutik Nafarroako Gobernura pasatzeko bidean uneren batean Udalaren esku egon zela.
Dimentsioak: 110 mm (altu) x 155 mm (zabal) [txertoen kontrol orria]; 107 mm (altu) x 152 mm (zabal) [tuberkulosiaren kontrako txertoaren ziurtagiria]; eta 150 mm (altu) x 210 mm (zabal) [polio eta tetanosaren aurkako gogorapen txertoen ziurtagiria].
Agiri guztien jabetza: Asier Azpilikueta
· Polioa
· Difteria, tetanosa eta kukutxeztula
· Haemophilus influenzae
· B hepatitisa
· C eritasun meningokokikoa
· Elgorria, errubeola eta hazizurria
· Barizela
· Giza papilomaren birusa