Epifanio Azpilicueta Garciaren errekete txartela, Gerra Zibil garaikoa, 4410 zenbakiduna. Txartela kartoizkoa da, liburu txiki itxurakoa, eta oso erabilia dago. Azalean, goian, Nafarroako armarria agertzen da, grabatu urrekaran, eta gaur egungo diseinuaren oso antzekoa du; horren azpian karlisten lelo laukoitza dago (Dios, Patria, Fueros, Rey); erdian “Requetés de Navarra” idatzita dago; beherago lis lore txiki bat dago; eta azkenik, behe-behean “CARNET DE IDENTIDAD” dago idatzita. Barneko ezkerreko orrialdean bi armarri daude, Nafarroakoa eta Borgoinako gurutzearena, eta berriz ere karlisten lelo laukoitza; ondoren, Epifanioren datuak ageri dira; zigilu obalatu more bat dago datuen gainean, hauxe idatzita duena “REQUETÉS DE NAVARRA · JEFATURA · PAMPLONA”. Barneko eskuineko orrialdean tokia dago oharrak sartzeko, baina ez zuten deus ere idatzi. Kontrazalean ez dago hitz edo ilustraziorik.
Data: 1936ko abenduaren 15ean dago datatua.
Transkripzioa: “Carnet de identidad 4410 a favor de D. Epifanio Azpilicueta Garcia natural de [bete gabe] provincia de Navarra domiciliado en Pamplona calle San Gregorio número 32 piso 2º profesión Auxiliar oficina Servicio activo clase soldado Pamplona 15 de Diciembre de 1936 El Jefe, [ez dago sinadura ulertzerik]”. Epifanioren lanbidea kolore urdinarekin dago idatzia; badirudi lehenbizi zerbait idatzi zutela beltzez, gero ezabatu zutela, eta gainean bertze zerbait jarri zutela urdinez.
Dimentsioak: 70 mm (luze) x 95 mm (altu) x 2 mm (zabal).
Jabetza: Azpilicueta Sola familia.