Miguel Xabierkoaren ihesaldia

Emakume bat ziega batean. Egile ezezaguneko ilustrazio hau “Los Azpilcueta de Baztán” liburuxkako 25. orrialdean dago.

Abizena existitzen denetik, zenbat Azpilikuetatar ez ote dira hango eta hemengo kartzeletako ziega ilunetan usteldu? Miguel Jatsu Azpilkueta, Xabierko jauna izanen zena, ez zen horietako bat izan.

Miguel1 eta Joanes2 anaiak, Joanes Jatsu Atondo Nafarroako Errege Kontseiluko buruaren eta Maria Azpilkuetakoa Xabierko gazteluko jabearen seme zaharrenak, Nafarroaren independentziaren aldeko borrokan nabarmendu ziren. Noaingo batailako porrotaren ondoren (1521eko ekainaren 30ean), Miguel bertze porrot bat poltsikoratzera joan zen Amaiurko gaztelura. Gazteluaren defentsa epikoa egin omen zuten nafar legitimistek, baina, azken finean, erabateko porrota jasan zuten (1522ko uztailaren 19an). Han hil ez zituztenak preso hartu zituzten; horietako batzuk -hala nola, Miguel Xabierkoa eta Jaime Belaz Medrano gazteluko alkaidea eta Luis bere semea- Iruñeko San Nikolasko gotorlekuan giltzaperatu zituzten. Bi asteren buruan, aipaturiko azken bi horiek hilda agertu ziren haien ziegan, ziurrenik kartzelako zaindariek pozoituta. Baina Miguelek ez zuen halako paturik onartu eta kartzelatik ihes egitea deliberatu zuen. Kontatzen dutenez, halako batean, janaria sartzen zion neskamearen jantziak jantzi zituen kartzelariei ziria sartu eta ziegatik atera ahal izateko. Neskamea barnean utzi zuen, noski.

Miguel Xabierkoaren ihesaldi pelikuleroari buruzko lehenbiziko aipamena Los Azpilcueta de Baztán, ascendientes maternos de San Francisco Javier liburuxkan3 irakurri nuen nik, gaztetan. Nafarroako Diputazioak lehenbizi, eta Gobernuak gero, bere garaian argitaratu zuten Navarra, temas de cultura popular bildumako 146. liburuxka zen hura, German Sanchez aita kaputxinoak idatzia. Sanchezek ez zuen pasarte harrigarri hari buruzko xehetasun gehiago eman; soilik gaineratu zuen Miguel, Iruñetik ihes eginda, Hondarribira joan zela, Azpilkueta kapitainarekin (Joanes anaiarekin, alegia) elkartzera, eta bertze porrot bat jasotzera (1524ko apirilean).

Aurrerago, Joseba Asiron historialariaren bi lanetan irakurri izan dut berriz ihesaldiaren aipamena. Euskal Herriko historia ilustratua-ren 2. liburukian dio “norbaitek emakume arropak” eman zizkiola, baina ez du zehazten nork41512 Nafarroa amets urratua komikian, berriz, maitale bat asmatzen du, Maria Berastegikoa izenekoa, bere bizia Miguelenaren truke ematen duena.

Ihesaldiaren kontakizuna egiten duen jatorrizko dokumentuaren erreferentziarik ez dut inoiz ikusi. Inork ezagutuko balu, zinez eskertuko nioke hemen horren berri ematea.

Nafarroako Liburutegiko 2. solairuan Nafarroako konkistaren inguruan dauden liburuetan kontsulta bizkor samar bat eginda, aurkitu dudan erreferentziarik zaharrena Francisco Aleson-en 1766. urteko edizioaren Annales del Reyno de Navarra liburuan agertzen dena da5. Alesonek gaizki kontatzen du Joanes Jatsu Xabierko jauna izan zela Amaiurko porrotaren ondotik Iruñeko kartzelara eraman zutenetako bat6.

Zera kontatzen du Alesonek ihesaldiaz: “El Presidente Don Juan de Jaso Señor de Xavièr, quien podia temer la ultima fatalidad por la singular fineza, con que siempre havia seguido el Partido de sus primeros Reyes: y asi la previno, escapandose de la prision con la traza de mudar de vestido, tomando el de una Criada, que le llevaba la comida, y engañando de esta suerte las Guardas, que le havian puesto. Tuvose por muy prudente su sagacidad; por que luego à los catorce dias de prision murieron en ella los dos Caballeros Vèlez de Medrano, Padre, y Hijo, no sin sospecha de veneno. *

(*) Favin se alarga à decir, que murieron degollados; pero no le damos entero credito”.

Alesonek ez zuen ihesaldia lehenbiziko kontatu zuen jatorrizko iturriaren erreferentziarik eman.


1 Edo Migel, edo Mikel.
2 Edo Joan, edo Juan.
3 SANCHEZ, German (1972). Los Azpilcueta de Baztán, ascendientes maternos de San Francisco Javier. Navarra, temas de cultura popular bildumako 146. liburuxka. Nafarroako Diputazioa. 25. orrialdea.
4 ASIRON, Joseba (2015). Euskal Herriko historia ilustratua-ren 2. liburukia. Txalaparta. 107. orrialdea.
5 ALESON, Francisco (1766). Annales del Reyno de Navarra-ren V. Liburukiaren 36. liburuaren 395-396 orrialdeak. La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak 1969an atera zuen faksimile edizioan kontsultatua.
6 Ezinezkoa da. Joanes Jatsu Atondo 1515ean hila baitzen, eta Amaiurko porrota 1522an izan zen. Urte hartan bere seme Miguel Jatsu Azpilkueta zen Xabierko jauna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude